Euskara Euskal Herriko hizkuntza da. Hizkuntza bakartua da, ez baitzaio ahaidetasunik aurkitu. Euskaraz mintzo direnei euskaldun deritze. Gaur egun, Euskal Herrian bertan ere hizkuntza gutxitua da, lurralde horretan gaztelania eta frantsesa nagusitu baitira.
Euskararen sustrairik zaharrenak, Erromatar Inperioaren aurretikoak, Akitania osoan eta Bizkaiko golkotik Andorraraino bitarteko Pirinioen bi aldeetan agertu dira. Erdi Aroan, gutxienez Errioxan eta Burgosko ipar-ekialdean ere hitz egin zela dokumentatuta dago. Gutxitze prozesu latza jasan du, eta lurraldeak galdu ditu etenik gabe. Nafarroa Garaian, bereziki, prozesu hori oso nabarmena izan da azken mendeetan. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, hainbat intelektual nahiz Arturo Kanpion eta Sabino Arana bezalako politikarien eraginez nolabait biziberritu zen, eusko abertzaletasunari estuki lotu baitzen. Frankismoaren garaian (1936–1977) euskarak jazarpen arrotza pairatu zuen eta ia desagertu zen, baina berriro ere indartu egin da 1960ko hamarkadaz geroztik, euskararen aldeko herri mugimenduak (ikastolak, AEK...) eta idatzizko estandarizazioak lagunduta.
1980ko...